Murkil

BERRIAK JASO NAHI DITUT
EUSKARA   CASTELLANO
Itzuli ALBISTEETARA
LAN ARRISKUEN PREBENTZIOA - ESKULIBURUA EUSKARAZ

Urola Kostako Udal Elkarteak Lan arriskuak prebenitzeko eskuliburua eta prebentzio planak idazteko argibide eta ereduak jasotzen dituen materiala prestatu du euskaraz.

Eskuliburua eta prebentzio-plana idazteko argibide eta ereduak

10 langile bitarteko enpresentzat prestatutako materiala da, enpresariak prebentzioa bere gain hartzeko modalitateari dagokiona. Eskuliburuko material eta argibideak indarrean dagoen araubidearen argitara daude prestatuta.

Helburu garbia du material horrek, lan arriskuen prebentzioa zuzenean kudeatu nahi duen enpresariari (10 langile bitarteko enpresak) argibide zehatzak eta argiak ematea, bere prebentzio-plana idatzi eta molda dezan.

Materiala www.urolakosta.org web orrian duzue eskuragarri.

Bi atal ditu materialak. Atal bakoitza pdf fitxategi banatan jarri dugu. Nolanahi ere den, materiala testu formatuan jaso nahi izanez gero, Urola Kostako Udal Elkarteari eskatu besterik ez da egin behar. Material hori eskura duzu behean.

Lehengo atalean eskuliburua dator (LAP eskuliburua.pdf): 7 kapitulu ditu eta lan arriskuak prebenitzearen inguruko informazio eta azalpen orokor nahiz zehatzak aurkituko dituzu: kontzeptuak, segurtasun baldintzak, ingurumen baldintzak, arriskuak kontrolatzeko sistemak, arriskuak prebenitzeko sistema kudeatzeko moduak, osasunaren zaintza eta lehen laguntzak...

Bigarren atalean, berriz, prebentzio-plana idazteko jarraibideak eta ereduak (LAP argibide eta ereduak.pdf) datoz. Aurrena, argibideak datoz (13 ataletan barrena) eta, ondoren, prebentzio-plana osatzen duten ereduak (orotara 27 dokumentu-eredu).

Askoren arteko elkarlana

Eskuliburua, argibideak eta ereduak Urola Kostako Udal Elkarteak landu ditu, lan arriskuen prebentzioaren arloan enpresa txikiekin lan egiten eskarmentu handia duen Escuela de la Conducta enpresarekin elkarlanean. Materialaren abiapuntua duela hainbat urte Barakaldoko Inguralde garapen agentziak urratu zuen egitasmoan oinarritzen da.

Eskuliburua, jarraibideak eta ereduak euskaraz

Eskuliburua, argibideak eta ereduak euskaratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzaren diru-laguntza jaso du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Urola Kostako Udal Elkartea: lan arriskuen prebentzioa enpresa txikietan

Eskualdean zerbitzuen sektorean lan-istripuen kopurua industria-sektorekoa bezain handia zela ikusita (%40,33 industrian eta %38,52 zerbitzuetan), Urola Kostako Udal Elkarteak 2008-2009an diagnostiko bat egitea erabaki zuen, zerbitzuen sektoreko 10 langiletik beherako enpresetan lan arriskuen prebentzioaren gaia zer eta nola kudeatzen zen jakiteko. Diagnostikoak erakutsi zuen enpresa gehienek ez zutela gai hori lantzen eta ez zutela prebentzio-planik. Hori ikusita, 2010ean MIKROPREBEN programa jarri zuen martxan Udal Elkarteak.

Programa horren helburua da 10 langile bitarteko enpresek beren prebentzio plana landu eta ezartzea, Udal Elkartearen aholkularitza eta laguntzarekin. Alabaina, laguntza eta aholkularitza hori eskaintzeko ezinbestekoa da eguneratuta dagoen eta erabiltzeko erraza den materiala erabili eta eskaintzea. Horixe da eskuliburu honen xedea.

Dena dela, enpresa txikiez gain, eskuliburu hau beste hainbatentzat ere erabilgarria izango delakoan gaude: garapen agentzietako aholkulari eta teknikariak, enpresa sortzen ari diren sustatzaileak, lan arriskuen arloko prestakuntza eskaintzen dutenak edo jaso nahi dutenak eta oro har, lan arriskuak prebenitzeko planak ezartzen ari direnak.

Urola Kostako Udal Elkartearen izenean eskerrik asko

Udal Elkarteak bere esker ona agertu nahi die, bereziki, material hau egin eta osatu duen Escuela de la Conducta aholkularitza-etxeari eta euskaraz moldatzeko diru-laguntza eman duen Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko enpresetan prebentzio-planak sustatu eta ezartzeko programa PO FSE 2007-2013 Valora izeneko egitasmoaren barruan kokatzen da eta Europako Gizarte Fondoak %50 finantzatzen du.

Iturria: Urola Kostako Udal Elkartea


102 posta kutxa | 20800 ZARAUTZ Gipuzkoa | Tel.: 943 00 51 29 | gatc@zarautz.org

BIT&MINAk egina