Murkil

BERRIAK JASO NAHI DITUT
EUSKARA   CASTELLANO
Itzuli ALBISTEETARA
Udal Elkarteak eta bost udalek eskualdeko foro sozioekonomikoa aurkeztu dute

Eskualdeko enplegu plana
 
Udal Elkartearen gidaritzapean eskualdeko enplegu plana diseinatuko da partaidetza foro baten bidez. Lehendabiziko bilera urriaren 8an egingo da.
UROLA KOSTAKO ENPLEGU PLANA diseinatu eta landuko da urrian eta azaroan zehar, Urola Kostako Udal Elkartearen gidaritzapean.

Krisi ekonomikoaren ondoriorik latzena langabezia da. Gure eskualdean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) langabeziak gora egin du etengabe 2008tik gaur arte. 2008ko abuztuan eskualdeko langabezia tasa %5,48koa zen (1.196 pertsona langabezian inskribatuta) eta 2012ko abuztuan, berriz, %10,60koa (2.245 pertsona). Hori dela eta, lehentasunezko helburua da lanpostuak sortzeko ekintzak bideratzea.

ENPLEGU PLANAren helburua da eskualdean lanpostuak sortzea helburu duten ekintzak burutzea. Plan hori diseinatu eta adosteko, partaidetza foro bat eratu da, eskualdeko hainbat eragilerekin,  hala nola: enpresak, udalak, enplegu zerbitzuak eta arlo sozioekonomikoaren sustapenarekin zerikusia duten bestelako eragileak. Orotara, 15 erakunderen ordezkaritza elkartuko da foroan (Lanbideren aginduaren arabera).

Plan hori garatzeko Udal Elkarteak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntza eskuratu du.

Foroaren bilerak

Foroak urrian 3 lan-saio egingo ditu (lehendabizikoa datorren astelehenean). Hona hemen bakoitzean zer landuko duen:

1.      saioa: Urriaren 8an izango da (datorren astelehenean)

Saio horretan foroa eratu eta prozesuaren inguruko argibideak eman ondoren, Udal Elkarteak landu duen diagnostikoa aurkeztuko da. Lantaldeak diagnostiko hori aztertu eta ekarpenak egingo ditu.

2.      saioa: Urriaren  19an

Enplegu planaren helburu eta estrategiak zehaztu eta adostuko dira, eragileek egindako ekarpenetatik abiatuta.

3.      saioa: Urriaren 30ean

Ekintza-plana landu, adostu eta onartuko da.

Ondoren, foroak landutako ekintza plana Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari aurkeztuko zaio, ekintza horiek garatzeko diru-laguntza eman dezan.

Udal Elkartearentzat langabeziari aurre egin eta lanpostuak sortzea lehentasunezko eginbeharra da eta horretan tresna egokia da eskualdeko enplegu plana. Enplegu plana  erakunde publikoen eta pribatuen arteko lankidetzan oinarritzen da.

Enplegu plana eskualdean datozen urteetan enplegua sortzeko estrategia finkatzeko tresna izango da.

 

Iturria: Uroka Kostako Udal Elkartea


102 posta kutxa | 20800 ZARAUTZ Gipuzkoa | Tel.: 943 00 51 29 | gatc@zarautz.org

BIT&MINAk egina