Murkil

BERRIAK JASO NAHI DITUT
EUSKARA   CASTELLANO
Itzuli ALBISTEETARA
EUSKO DENDAK MODERNIZATZEA

Jaurlaritzak 3,6 milioi euro bideratu ditu eaeko dendak modernizatzen laguntzeko

Jaurlaritzaren Kontseiluak laguntza-programa bat onartu du gaur; hain zuzen ere, Euskadiko merkataritza-establezimenduak modernizatzen laguntzeko programa.

Azken hamarkadan, gutxienez, onartzen den mota horretako lehenengo plana da, eta 3.682.000 euroko aurrekontua du. Helburua hauxe da: merkataritza modernizatzeari bultzada ematea, azpiegiturak eta kudeaketa-tresnak aldatuz.

Aurreko laguntzak, batik bat, ekipamendu teknologikoa erosteko izan dira. Ildo berri honekin, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak enpresetan egin beharreko inbertsio guztiak hartzen ditu babespean, betiere establezimenduen erakargarritasuna areagotzeko eta balio erantsi handiagoa lortzeko xedea badute. Laguntza hauetatik kanpo geratuko da lokalak edo ibilgailuak erostea.

Laguntza-ildo honen bidez, establezimenduak maizago berritzea lortu nahi da. Bernabé Unda sailburuak Merkataritza Egokitzeko 2015eko Plana aurkeztu zuen berriki Legebiltzarrean; Plan horren arabera, EAEko dendak, batez beste, zazpi urtean behin eraberritzen dituzte, eta epe horri luzeegi iritzi diote. Laguntzak honelakoak izango dira: itzuli beharrik gabeko % 15eko diru-laguntzak, altzarietan, obra zibilean, ekipamenduetan, errotuluetan eta horrelakoetan egindako inbertsioen kasuan; % 20ra bitarteko diru-laguntzak, aldiz, ekipo informatikoak, aplikazioak edo horien osagarriak erosteko inbertsioen kasuan. Laguntza handiagoa ere izan daiteke enpresak elkarteren bateko kide baldin badira edo kalitate-ziurtagiriren bat lortu baldin badute.

Diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez 12.000 euro izango da enpresa eta urte bakoitzeko. Merkataritza-jardueran diharduten EAEko ETEak izango dira laguntzen onuradun, 600 eurotik gorako inbertsioa egiten badute ekipamendu informatikoen kasuan, edo 2.000 eurotik gorakoa gainerako kasuetan. Laguntzak eskatzeko epe-muga irailaren 30a da.

Inbertsioetarako laguntza horiek merkataritza-sektorerako AFI (Inbertsiorako Finantza Laguntzak) ildoarekin bateragarriak dira; AFI ildoan maileguak ematen dira, inbertsioak aldez aurretik amortizatzeko.

Iturria: Eusko Jaurlaritza


102 posta kutxa | 20800 ZARAUTZ Gipuzkoa | Tel.: 943 00 51 29 | gatc@zarautz.org

BIT&MINAk egina