Miren Larrañaga Illarramendi dugu Murkil Zarauzko Merkatari Elkarteko lehendakari berria, Anoushka Mosselman ordezkatuz. Gogoz sartu da, ideia berriekin, herriko dendari elkarteari bultzada bat emateko asmoz.
-Miren, aurkeztu ezazu zeure burua.
-Zarautzen jaio nintzen duela 38 urte altzarigintza ogibidetzat zuen familia batean. Sei urte nituela gurasoek Gelako altzari denda sortu zuten eta harrezkero etxeko negozioa izan da modu batera edo bestera nire etorkizuna bideratu duena. Dekoratzaile izateko ikasketak burutu nituen eta Gelako altzari dendan hasi nintzen lanean gurasoekin. Altzarien salmentan, etxeetako espazioak egokitzeko proiektuak burutuz eta etxe eta lokalak berritzeko lanak eramanaz egin nituen hamaika urte. Azken urteotan merkatua eta gizartea bera jasaten ari den aldaketak direla eta berriz ere ikasketetara bueltatu nin-tzen eta Marketin eta Publizitatea egin ostean ideia eta gogo berriekin itzuli naiz.
-Murkileko lehendakari berria izendatu zaituzte. Nola izan da aukeraketa?
-Murkileko lehendakaritza bi urtetik behin aldatzen da eta bolondresik egon ezean bazkideek bozka-tzen dute aukeraketa.
-Bolondres moduan aurkeztu zara?
-Bai, bolondres aurkeztu dut neure burua urte bat batzordean egon ondoren. Egia esan, lan talde polita daukagu eta gustora sentitzen naiz bertan.
-Ze arrazoi izan dituzu elkartean sartzeko?
-Zarauztarra naiz eta Zarauzko herri giroa atsegin dut. Bertako dendatan erosketak egitea, egunerokotasunean merkatariekin kontuak partekatzea eta gertutasunaz goxa-tzea niretzat oinarrizkoa da. Murkiletik ekimen berriak sortzen dira bertako merkataritza sustatzeko. Bertako merkataritzak egunerokotasunean dagokion tokia izan dezan lan egiten da eta oso erronka interesgarria iruditzen zait.
-Zenbat denbora egongo zara karguan?
-Hasiera batean, lehendakari bezala bi urtez egoteko intentzioarekin hartu dut erreleboa.
-Batzorde kide berriak sartu dira aurten; zeintzuk osatzen duzue momentu honetan Murkileko ordezkaritza?
-Joan den urtean, Amaia Larrañaga (Transit oinetakoak), Paloma Garcia (Benetton Zarautz) eta Enara Odriozolarekin (Borda ardoak) batera sartu nintzen batzorde kide berri moduan eta aurten Jon Garmendia (Garmen gizonezko arropa denda), Anabel Garcia Urtiaga de Vivar (JM Jostailuak), Aizpea Agirrezabalaga (Andere produktu profesionalak), Arantxa Aldaz eta Beatriz Arruabarrena (Izar optika) eta Eva Lopezekin (Pedrosa textil hogar) batera osatzen dugu batzorde berria. Lana egiteko talde polita osatu dugula iruditzen zait.
-Zenbat bazkide zarete guztira?
-Momentu honetan ehun denda inguru gaude elkartean eta gure lehenbiziko helburua kopuru hau handi-tzea da.
-Martxan jartzeko ideia berririk eskuartean?
-Ideia berriak asko egon daitezke, baina funtsezkoa iruditzen zait helburua bera ongi finkatzea. Lehen aipatu dudan moduan, helburua, bertako merkataritzak bezeroen egunerokotasunean dagokion tokia izatea da. Honetarako komunikazioa eta ideia desberdinak partekatzea ezinbestekoa da eta honetan guztiok daukagu zeresana, norberaren negoziotik haratago Zarauzko merkataritza bera sustatu behar baitugu osotasunean.
-Kanpaina berririk?
-Murkiletik hilabetero zabaltzen ditugu kanpaina berriak bertako merkataritza sustatzeko eta kanpaina bakoitza arreta bereziarekin lan-tzen dugu gure bezeroei hoberena eskaintzeko xedearekin. Beti saia-tzen gara zerbait berritu eta hobe-tzen; sari bereziak, erosketa txartelak, deskontuak... Bestalde, uda parterako ekintza berezi bat antola-tzen ari gara Udalarekin batera bertako merkataritza sustatze aldera. Baina lehen esanda bezala gure ikuspuntua momentu honetan helburu zehatz batean dago: Zarauzko merkataritza zarauztar eta bisitarien egunerokotasunarekin batera-tzea, herritarrak erosketak Zarau-tzen bertan egitearen garrantziaz jabetzea.
102 posta kutxa | 20800 ZARAUTZ Gipuzkoa | Tel.: 943 00 51 29 | gatc@zarautz.org
BIT&MINAk egina