Murkil

BERRIAK JASO NAHI DITUT
EUSKARA   CASTELLANO
Itzuli ALBISTEETARA
Merkataritzaren Berrikuntzari Buruzko Biltzarra

Dale la vuelta a tu comercio/Irauli merkataritza lelopean, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ganberek Euskadiko Merkataritzako Berrikuntzari buruzko Biltzarra antolatuko dute.

Euskal Merkataritzaren 13. Elkarraldiaren barruan, azaroaren 8an eta 9an.

Enpresaburuari berritzeko, berrasmatzeko premia duela ikusaraztea da helburua, aldaketak baitira nagusi gaur egun eta aldaketa horien ondorioz etengabe aukerak sortzen baitira, baina aukera horiek baliatzen jakin behar da.

Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ganberek antolatzen duten biltzarrak euskal merkataritzaren eta dagozkion ordezkarien parte-hartze handia izango du: elkarteak, merkataritza-federazioak, garapen-agentziak, merkataritza-teknikariak eta abar.

Zientziaren, Berrikuntzaren eta Teknologiaren Astea dela-eta, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ganberek Euskal Merkataritzaren 13. Elkarraldia antolatu dute azaroaren 8rako eta 9rako, ‘Dale la vuelta a tu comercio/Irauli merkataritza’ leloarekin. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Euskal Ganberek diotenez, aldaketaren garaia da, baita arrakastaz aurrera egiteko aukeren garaia ere.

Biltzarra Donostian izango da, Gipuzkoako Ganberaren egoitzan, azaroaren 8an eta 9an.

Elkarraldia profesional horren bidez eta, bereziki, azaroaren 8ko jardunaldiaren bidez, Euskadiko merkatariei erronka berrien eta nazioarteko merkataritzan ongi funtzionatzen ari diren arrakasta-konponbideen berri eman nahi zaie. Errealitate sozioekonomikoa, ingurunea, eskaintzaren formatuak, eskariaren premiak eta itxaropenak biziki azkar aldatu dira eta bide horri eutsiko diote. Hori dela-eta, biltzarrean, eredu arrakastatsuak aurkeztuko dira, jarraitu beharreko ildoak eta sektorearen aldaketa-joerak adieraziz, eta joera berrien ondorioz euskal merkataritzan sor daitezkeen aukera errealak ere agertuko dituzte.

Jardunaldira 300 lagun bertaratzea dago aurreikusia, eta bertan hiru bloke tematiko aztertuko dira, elkarren osagarriak aldaketa-egoeren aurrean, hiru helburu bereizi dituztenak:

Lehenengo blokean aldaketaren oztopoak aztertuko dira, baita horiek nola gainditu ere. Helburu nagusia zera da, enpresaburuari ohartaraztea aldatzeko premia duela, aldaketaren aurreko ziurgabetasunak eragiten duen bertigoa gainditzen lagunduz; izan ere, erronka berrien aurrean sortzen den beldurra kudeatzen jakinez gero, enpresaburua indartsuagoa izango da eta aukeren aurrean segurtasun handiagoa izango du.

Bigarren blokean, aldaketaren orientabidea aztertuko da: merkatuak eskaintzen dituen aukerak eta arrakastaren joerak norantz bideratzen diren.

Eta azkenik, arratsaldeko saioan, biltzarraren helburua izango da merkataria fidelizazioaren garrantziaz konturaraztea, bezeroarekin lotura emozionalak eta zerbitzu-loturak sortzen baititu eta etorkizunean ere erosketak bertan egitera bultzatzen baitu.

Lan-saio guztiak doan izango dira eta nazioartean izen handiko hizlariek parte hartuko dute: Pilar Jericó andrea; Premio Manager Forum Speaker 2009 saria jaso du eta aitzindaria da talentuaren azterketan eta enpresa-garapenean aldaketarekiko beldurraren inpaktuan. Horretaz gain, profesional ezagun asko izango dira: Javier Rovira, Sashka Krtolika, Manuel Hormigó, Noelia Oliver eta Juan Carlos Alcaide, besteak beste.

Hurrengo egunean, hilak 9, bigarren elkarraldi bat izango da, merkataritzako prestatzaile eta solaskideei zuzendutakoa oraingoan. 100 prestatzaile eta solaskide baino gehiago bertaratuko dira jardunaldi horretara, aurreikuspenen arabera.

Euskal Merkataritzaren 13. Elkarraldiaren (azaroaren 8tik 25era bitarte) barruan prestakuntza espezializatuko 40 tailer baino gehiago antolatuko dira hiru Lurralde Historikoetan. Hona hemen edukiak: Merchandising Sentsoriala, harritu barru-barrutik; Packaginga; Komunikabide sozialen estrategia fidelizatzeko tresnatzat; Bezeroa erakartzea komunikazioaren bitartez; eta Erakusleihoa, zure laguna. Paseotxo bat munduan zehar izeneko tailerra nabarmendu nahi dugu; EAEko Merkataritza Ganberek eta Eusko Jaurlaritzak azken urteotan burutu dituzten merkataritza-misioetan identifikatutako esperientziak aurkeztuko dira, baita merkataritza-sektoreari dagozkion munduko joera nagusiak ere.

Tailerren bitartez, merkataritzako enpresaburu gehiagok ezagutuko dituzte egokitzeko tresnak eta joerak eta, hartara, lehiakortasuna hobetzen jarraitzeko jakintzak eskuratu ahal izango dituzte.

Euskal Merkataritzaren 13. Elkarraldiak Ikusmerren, Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoaren eta Tecnaliaren lankidetza izan du

Iturria: Eusko Jaurlaritza


102 posta kutxa | 20800 ZARAUTZ Gipuzkoa | Tel.: 943 00 51 29 | gatc@zarautz.org

BIT&MINAk egina